• Increase font size
  • Default font size
  • Decrease font size

Antzuola

Kultura Mairuaren alardea

Mairuaren alardea

E-mail Inprimatu PDF

Alardeari buruzko informazio zabala: www.antzuolakoalardea.com

Mairuaren alardea, Antzuolako jaietako larunbat arratsaldean ospatzen da, uztaileko hirugarren zapatuan.

Antzuolar komunitatearen urteroko ohiko autoafirmazio errito nagusia da Alardea, Antzuolaren historian eta nortasunaren ezaugarrietan oinarrituta dagoena.

Mairuaren Alardeak balio historiko eta folkloriko handia du,  Euskal Herriko Kultura Ondarea ikaragarri aberasten duena.

Mairua, desfilea, kanoiak, eskopeteroak, dantzariak, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina… dena nahasten da uztailero Mairuaren alardearen jaialdian.

Buruzagitza

Bertan bi gertakari goraipatzen dira. Lehenik,  Foruen galera aurretik euskal herrietan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeak. Baina alardeak egitea galdu eta 1876an euskal foruak desagertu ondoren, Euskal Herri osoan garai bateko ospakizunak  berreskuratzeari ekin zitzaion, eta 1881. urtean Mairuaren pertsonaiarekin alardea egiteari ekin zitzaon Antzuolan. Bigarrenik, 920. urtean, ustez,  Baldejunkeran antzuolarrok mairuen kontra izandako borroka aitzakia hartuz, herri izatearen harrotasuna ere adierazi nahi da.

Bi zati ditu ospakizunak: batetik, kaleetan zehar egiten den desfilea; eta, bestetik, Herriko plazako ekitaldia.

Desfilea
Desfilearen lehen zatian txistulariak -“Marcha de fusileros” joaz, danbor-joleak, buruzagia, fusileroak, kanoiak eta alardeko bandera joaten dira. Atzerago, alarde honen beste protagonista nagusia, mairu martxa bat lagun duela: Mairua eta bere komitiba.

Txistulariak

Sekitoa

Desfilea egin bitartean, Oinarin taldeko dantzariek Trokeo dantzak egiten dituzte: Makila txikiak, Uztai edo Arku-dantza, Makila haundiak eta Zinta-dantza.

Oinarin_1

Plazako ekitaldia 

Hasieran, alardeko buruzagiak Segurako Alborada biribilketaren bitartez troparen azterketa egiten du.

Une hunkigarrietako bat Iparragirrek Antzuolari eskainitako bertsoak kantatzean dator: abesbatzak abesten ditu eta herriko dantzariek dantzatu.

Neskek dantzatzen duten koreografia Iparragirreren bertsoen doinuaren eta J. I. Ansorenaren Antzuola zortzikoarekin egindako musika nahasketa da.

Ondorengoa da jai honen unerik garrantzitsuena: mairua zaldi gainean eta kateaz lotuta agertzen da bere sekitoarekin, eta gastadoreen babesarekin. 

Sekitoa_belaunbiko

Buruzagiak zalditik jaisteko  eta bere sekitoaren armak uzteko agindu, eta udaletxeko arkupetara sartzeko eskatzen dio.

Mairua_eta_fusileroak

Jarraian buruzagiak hitza hartzen du; diskurtsoan antzuolarrek Baldejunkerako borrokan izandako jarrera goraipatzearekin batera, hainbat azalpen ematen ditu:

Lehenik, herriko armarriaren azpiko bi kuartelak, Antzuolarenak bereak direnak, deskribatzen ditu: “ezkerraldean, kaliz baten gainean hostia bat daramana, izkina bakoitzean bi pinu berdeak; eta eskumaldean, Mariaren izena koroatuta, eta alderdi bakoitzean arbola txikiak euren edontzian, eta behealdean hiru ilargi erdiak”.

Bigarrenik, alardeko eta herriko banderaren jatorriaren nondik-norakoa aipatzen du.

Diskurtsoaren zati garrantzitsuenak herriko artxiboan gordeta dagoen 1745eko arma-ziurtagiriarenak dira.

Joseba_armarria

Balkoian nahiz Plazan azaltzen den bandera gure herriko bandera ere bada 1997tik. Dituen irudiak herriko armarriaren behe aldekoak dira.

banderak

Diskurtsoa bukatuta, buruzagiak Mairua bere aurrera ekartzeko agindua ematen du; aurrez aurre daudela, buruzagiak bi aldiz galdetzen dio ea gure aberria onartzen duen. Bigarrenean, bere jatorrizko hizkuntzan, aitortzen du, ez duela gure aberriaren aurka egingo.

Kapitaina_eta_mairua_2

Soldaduen buruzagiaren erantzuna ere adiskidekorra da: “gure aberrixa berriz ez zapaltzeko hitza emon doskutzu… guk  pe gure herrixan izaeria eta nortasuna defendiko dogu,.... eta zin itten dotzut, zuena eztogula zapalduko”

Buruzagiak_eskua_ematean

Ondoren, Antzuolako Mairuaren martxaren doinuak nagusi direla, Mairuaren eskoltak udaletxetik irten, bere erregea agurtu, eta Mairua zaldira igotzen da.

Alardeko unerik entzutetsuena iragartzeko, buruzagiak eskopetak eta kanoiak tirokatzeko agintzen du:

“Soldaduok! Baldejunkeran hildako danen heriotzak gogoratu bihar dittugu, eta aldi berian gure herrixen arteko adiskidetasunaren seiñale, gure armak sutu daiskun.”

“Gora Antzuola! Gora Euskal Herria!” oihuekin bukatzen du buruzagiak.

Tiroak_sutan

Ekitaldia alardeko partaideek, elkartasunean, Antzuolako Doinuak kantatuz bukatzen da.

Antzuolako auzoak
Basalde, Lizarraga
Irimoi biak eta
Galartza, Uzarraga

Herrigune xarmanta
mendi, baserriak
ditugu inguru maite
ta ikusgarriak

Ongi etorriak izan
beti gure herrira
kantuz ospa dezagun
guda bukaera

Irten gaitezen denok
Herriko plazara
eskeintzen dizuegu
geure besarkada

Irten gaitezen denok
Herriko plazara
kanta dezagun harro:
Antzuolarrak gara!

 Alfredo  Gonzalez  Chirlaquek konposatuak dira Antzuolako doinuak eta Antzuolako mairuaren martxa.

Abesbatza_2

Ikusi kaleratuta dugun azken argitalpena.

 


 

Buletina jasotzeko

Antzuolako doinua
Banner
Banner
Banner
Banner
Banner